Amaitu dira aurtengo Orduz Kanpoko Ekintzak. Agurreko festa eta erakustaldian, seme-alabek urtean zehar ikasitakoa ikusteko aukera izan zuten gurasoek: dantza modernoak, irristaketa, judo, eskulanak, xake, euskal dantzak, txistu, poliekintza, futboltxo… Orduz Kanpoko Ekintzen eskaintza oso oparoa baita Jaso Ikastolan. “Horregatik, ongi dago hainbeste guraso etortzea agurreko festara. Seme-alabak ikusten dituzte, baina ez hori bakarrik. Besteen jarduerak ere ikusten dituzte, eta horrela ideiak hartzen dituzte hurrengo ikasturterako”, esan zigun Elisa Ros arduradunak. Ohi bezala, agurreko festa oso jendetsua izan zen, eta eguraldia aparta. Erakustaldi guztiak (judo eta dantza modernoarena izan ezik) kanpoan izan ziren, eta batzuek korrika eta presaka ibili ziren San Fermin ikastolan egitekoak ziren futboltxo partidetara iristeko.