Noticias

Ordenagailu bidez Ikasys

Comparte en:

Badira hiru hilabete Jaso Ikastolako 3. eta 4. mailako ikasleak Ikasys sistema erabiltzen hasi zirela. Ikasys proiektua norberak ordenagailu bidez ikasteko sistema da. Horretarako 28 ordenagailu eramangarri eta ehunka jarduera informatiko jarri ditu Jaso Ikastolak 8-10 urtuko ikasleen esku. Lehen Hezkuntza bakarrik 200.000 jardueratik gora sortu dira. Oraingoz bost arlo lantzeko erabiltzen dute Ikasys: euskara, gaztelania, ingelesa, matematika eta ingurunea.  Arlo bakoitzeko astean ordu erdiz aritzen dira ordenagailuekin, nor bere ikasgelatik mugitu gabe. Ordenagailu eramangarriak altzari batean gordetzen dituzte, eta altzaria da gelaz gela dabilena.

 Helburua ikasleen oinarrizko konpetentziak garatzea da. Neska-mutilak beren kabuz aritzen dira, era autonomo eta indibidualean. Hori da, hain zuzen ere, sistema honen berezitasun nagusietakoa, Xabi Arrizibita irakasleak adierazi digunez: “Ikasleak modu autonomoan egiten du lan, eta nork bere erritmora egokitzeko aukera du. Jarduerak ordenatuta eta sekuentziatuta daude, eta ikasle bakoitzak bere ahalmenaren eta erritmoaren araberako progresioa darama”. Era berean, tutoreek ikasleen jarraipen pertsonalizatua egin dezakete ordenagailu bidez, eta “erraz ikusten dute non dauden zailtasun edo huts egite orokorrak”.

 Arantxa Bereziartua tutorearen iritziz, Ikasys-en alde onenak dira ikasleak nabarmen motibatzen dituela eta betiko edukiak lantzeko beste modu bat eskaintzen duela: “Ikasleak gustura aritzen dira, oso erraz engantxatzen dira ordenagailuekin, eta ongi dago noizean behin papera alde batera utzita gaiak lantzeko beste tresna bat izatea”. Oihana Santesteban ingeleseko irakasleak ere ikusten dio abantailarik Ikasys-i: “Ikasleei ingelesez irakurtzeko eta idazteko aukera eskaintzen die, eta horrek mesede egiten die, etapa honetan gure metodología batez ere ahozkotasunean oinarritzen delako”. 

 Ikasleek ordengailuz ikastea gogoko dutela begi-bistakoa da. Gelan oso konzentratuta daude eta batzuek kostata altxatzen dute begirada pantailatik. “Ni klase arruntetan baino gusturago ibiltzen naiz ordenagailuarekin, oso ondo pasatzen dugulako”, aitortu digu Naroa Mairal ikasleak (LH3B). “Eta ariketak politak direlako”, gehitu du Alvaro Larrayak. Batzuk zailak direla dio, hala ere, Izar Lazpiurrek. Ikasle gehienak lehendik ere ibiliak ziren ordenagailuekin, etxean edo inguruan eskura dituztelako. Zenbaiti, berriz, ordenagailua erabiltzeko aurreneko aukera eskaini die Ikasys proiektuak. Arianne Cherif, esate baterako, ikastolan aritu da lehenengo aldiz ordenagailuz. 

 Hastapenak ez dira samurrak izaten, eta Ikasys abiarazteko orduan ere arazo teknikoak izan zituen Jaso Ikastolak. Horregatik hasi ziren urtarrilean, eta ez ikasturte hasieran, aurrikusita zegoen moduan. Ana Ronco tutorearen ustez, irakasleen denbora eta prestakuntza urria dira egitasmoaren alderik ahulenak: “Ez dugu astirik jarduera guztiak aldez aurretik aztertzeko, asko direlako eta gu beti itota gabiltzalako. Teknologia berrietan ere ez gaude oso trebatuta, eta arazo teknikoak sortzen direnean askotan ez dakigu nola egin aurre”. Gainontzeko tutoreak bat datoz horretan: egitasmoak aukera handiak eskaintzen ditu kurrikulumeko edukiak egokitzeko eta ikasleen jarraipen pertsonalizatua egiteko, baina horretarako denbora behar da. Denborak esango du, beraz, zer nolako etekina aterako zaion aurten ezarritako sistemari. 

Comparte en:

Noticias

Noticias relacionadas

LH 4. Maila Arbaiuneko Zalditegian

LH 4. Maila Arbaiuneko Zalditegian

Ekainaren 9an LH 4. mailako ikasleak Arbaiuneko Zalditegira  irteera egin genuen. Egun aparta pasatu genuen…
JASO EGUNA 2023 eta KONTXITA MARTINEZ DE LEZEARI OMENALDIA

JASO EGUNA 2023 eta KONTXITA MARTINEZ DE LEZEARI OMENALDIA

Dakizuen bezala, larunbata honetan, Jaso Eguna 2023 ospatu genuen. Zorionak eta eskerrik asko parte hartutako…
IRUÑEKO UDALEKO LITERATUR LEHIAKETAN DBHko SARIDUNAK

IRUÑEKO UDALEKO LITERATUR LEHIAKETAN DBHko SARIDUNAK

IRUÑEKO UDALEKO LITERATUR LEHIAKETAN DBHko SARIDUNAK   Iruñeko Udalak haur literatur sarien banaketa antolatu zuen…