Noticias

Sanfermin giroa txikienen azken egunean

Comparte en:

Jaso Ikastolako ikasle gazteenek Sanfermin giroan amaitu dute ikasturtea, entzierro eta guzti. Lehen Hezkuntzakoek inbidiak jota begiratu dituzte geletako leihoetatik. “Nik ere ibili nahi dut zezenekin eta kilikiekin”, protestan aritu da bat baino gehiago. Hala ere, beraiek ere ederki gozatu dute, ederki gozatu dutenez, 1. eta 2. mailan makina bat jolas eta ospakizun izan baita ikastolari agur esateko orduan. Jakina denez, aurtengo kurtso amaiera mailakatua izango da, eta Lehen Hezkuntzako gainontzeko taldeek hilaren 24an bukatuko dute.

Haur Hezkuntzako neska-mutikoak betiko orduan etorri dira ikastolara, ez ordea betiko moduan. Zuri-gorriz jantzita, urduritasuna eta ezinegona nabari zitzaien. Azken eguna baitzen, ikaskideei eta irakasleei agur esateko unea. Baina ez hori bakarrik. Jakin bazekiten entzierroa korritu behar zutela, eta horrek izugarri aztoratzen ditu haurrak, batez ere zezenarena egiteko ardura dutenak. Ibai ikusi besterik ez zegoen: goizeko bederatziak jo baino lehen hartu du adarduna esku artean, eta ez zuen inola ere askatu nahi.

Ezin esan zezenak eta buruhandiak guztien gogoko direnik. Txikienentzat beldurgarriak dira; horietako dezente negar-malkotan ikusi ditugu, erabat ikaratuta, irakasleen eta zaintzaileen hanka-artean babestu nahian. Estualdia pasata, dantzan eta saltoka aritu dira denak, handi nahiz txiki, jai giro alaian.

Lehen Hezkuntzako lehen zikloko ikasleentzat ere ez da ohiko eguna izan. Emozioak jota, baten batzuek ikastolara iritsi orduko hasi dira mundu guztia agurtzen eta musu eskean. Jolasak, marrazki bizidunak, ikakideentzako agur gutunak, irakasleentzako loreak,… Denetarik egon da. Nabarmentzekotan, 2B taldekoen zortea nabarmenduko genuke. Bosgarren mailako ikasleek Chocolate party bat prestatu diete, bezperan 2A taldekoentzat egin bezala: jolas mordoa egin dute eta, ondoren, hamaiketako bikaina. Patata tortilla, sandwichak, txokolatezko bizkotxo izugarri ona, eta gehiago. Horrekin konforme ez, eta jantokira ere jaitsi dira gehienak. Jakina, gaurko menuan ez zegoen barazkirik. Gaur kroketak eta izozkiak zeuden eta inork ez dio uko egin bere parteari.

Eta ondoren, orduan bai, benetan agur esateko ordua. Motxilak eta gurditxoak ederki beteta, emozioak gainezka, kirioak dantzan eta milaka musu masailetan. Irailera arte… Uda ona izan dezazuela.

Comparte en:

Noticias

Noticias relacionadas

LH 4. Maila Arbaiuneko Zalditegian

LH 4. Maila Arbaiuneko Zalditegian

Ekainaren 9an LH 4. mailako ikasleak Arbaiuneko Zalditegira  irteera egin genuen. Egun aparta pasatu genuen…
JASO EGUNA 2023 eta KONTXITA MARTINEZ DE LEZEARI OMENALDIA

JASO EGUNA 2023 eta KONTXITA MARTINEZ DE LEZEARI OMENALDIA

Dakizuen bezala, larunbata honetan, Jaso Eguna 2023 ospatu genuen. Zorionak eta eskerrik asko parte hartutako…
IRUÑEKO UDALEKO LITERATUR LEHIAKETAN DBHko SARIDUNAK

IRUÑEKO UDALEKO LITERATUR LEHIAKETAN DBHko SARIDUNAK

IRUÑEKO UDALEKO LITERATUR LEHIAKETAN DBHko SARIDUNAK   Iruñeko Udalak haur literatur sarien banaketa antolatu zuen…