Jaso Ikastolak familiei eskaintzen dizkien zerbitzuen artean, garrantzitsuenetako eta estimatu enetako bat eskolako jantokia da. Zerbitzu horren bidez, gure ikasle askok ikastolan bertan egiten dute eguneko bazkaririk garrantzitsuena. Horregatik, zerbitzu honek ahalik eta gehien zaindu behar ditu gure ikasleen nutrizio-beharrak, eta dieta orekatua eta egokia eskaini behar du ikasleen garapen fisiko eta mentalerako. Baina, gainera, jantokia hezkuntza-espazio bat da; izan ere, ohiturak eta balioak ezartzen dira, eta, epe luzera, neurri handi batean, ikasleek etorkizunean izango duten portaera markatuko dute.
Azken urte hauetan, Jaso Ikastolak aldaketak egin ditu bere menuetan, dieta orekatu bat sustatzeko, eta hurbileko eta sasoiko produktuei lehentasuna emateko. Horren ondorioz, profesional talde berri bat osatu da ikastolako sukaldean , eta tokiko ekoizleak bilatu dira gure hornidurarako. Azkenik, esan dezakegu azarotik aurrera aldaketa esanguratsuak egingo ditugula ikastolako menuetan, EKOALDE rekin (Nafarroako dozenaka nekazari eta abeltzain ekologiko biltzen dituen plataforma) sinatuko dugun akordioaren ondorioz. Horren bidez, EKOALDE k gure sukalderako produktu ekologikoak, freskoak eta sasoikoak hornitzeko konpromisoa hartzen du. Gure asmoa plataforma horri produktu jakin batzuk erostea da, hilabete bakoitzean, inguruan ekoitzitako produktu ekologiko eta freskoekin egindako platerrak eskaini ahal izateko. Aldaketak, familia bakoitzak hilero ordaindu beharreko kuotan eraginik ez izateko moduan egingo dira.
Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak CPAEN-NNPEK -i (Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseilua) “Nafarroako elikagai ekologikoak jantoki kolektiboetan sartzeko” egindako enkargu baten barruan kokatzen da programa hau garatzea. Honako helburu hauek ditu, besteak beste:
Eskoletako jantokietako elikaduraren kalitatea hobetzea, produktu freskoak, sasoikoak, ekologikoak eta/edo tokikoak sartuz, ekoizpen primariotik zuzenean hornituz, eta menuen egituran eta prestaketan aldaketak eginez.
Nafarroako nekazaritza-ekoizpen ekologikoaren garapena bultzatzea, ekoizleei eskola-jantokietako merkatua zabalduz.
NNPEK Nafarroako nekazaritzako ekoizpen ekologikoa kontrolatzeko eta ziurtatzeko erakunde ofiziala da, eta ikastolari aldaketan laguntzeko ardura izan du.
Menuan egingo diren aldaketa hauek, parte hartzen ari garen ikastolekin adostutako nutrizio-irizpideei jarraituz, eta osasun- eta nutrizio-agintariek ezarritako jarraibideei jarraituz egingo dira.
Menuko aldaketa praktikoak honako puntu hauetan laburbiltzen dira:
– Astean behin gutxienez proteina begetala
– Lehen platerretan animalia proteina saihestea
– Gramajeak gomendatutakoetara egokitzea
– Eguneko 100 gr barazki ziurtatzea.
– Fruta eta barazki freskoen kontsumoa sustatzea
– Dietaren aniztasuna handitzea (menuan barazki eta zereal mota asko sar daitezke)
– Integral ekologikoak sartzea
– Frijituak gutxitu
– Aurrez prestatu gabeak saihestu
– Izen ezaguneko arrainak eskaini
– Postrea: gehienez ere astean behin jogurt naturala azukrerik gabea. Gainerakoan, fruta freskoa.
Menuaren prezioa aldatu gabe, sasoiko barazki freskoak, lekaleak, zerealak, esnekiak eta arrautza lokalak eta, ahal den neurrian, ekologikoak sartuko dira.
Ikasturtean zehar sentsibilizazio- eta ebaluazio-ekintzak egingo dira, aldaketa baloratu eta berrikusteko eta hobetzen jarraitzeko.
Ikastolak aldaketen berri emango dizue.
Espero dugu aldaketek ikastolako menuen kalitatea nabarmen hobetzea, eta gure ikasleak hobeto elikatzea.