Jaso Ikastolako eta Erreniega ikastetxeko 6. mailako ikasleek elkarrekin aritzeko aukera izan dute aste honetan. Astearte goizean, Donibane kirol elkartean bildu ziren bi ikastetxeetako neska-mutikoak eta gustura aritu ziren pilota jokoan, Felix Senar Gorputz Heziketako irakaslearen eta Xiba egitasmoko arduradunen laguntzaz. Ekimen honen helburua haurren artean pilota jokoak eta joko tradizionalak (xiba, toka, eta abar) ezagutaraztea da. Hala, talde mistoak osatu zituzten Jaso Ikastolako eta Zizur Nagusiko ikasleek, eta txokotan aritu ziren era guztietara jokatzen: eskuz, palaz, zesta potez, xarez, joko garbiz…
Nafarroako ikastolek eta Sortzen-Ikasbatuazen arteko topaketek segida izanen dute hurrengo asteetan. Bihar bertan San Fermin Ikastolako eta Alaitz ikastetxe publikoko ikasleak ariko dira elkarrekin, eta ez elkarren kontra, esan bezala egitasmo honen helburua ongi pasatzea eta pilota jokoak ikastea baita.