Noticias

Bateratze Zigilua jaso du Jaso Ikastolak

Comparte en:

Jaso Ikastolak Bateratze Zigilua jaso zuen azaroaren 25ean, Baluarten egindako ekitaldian. Langileen bizitza pertsonala eta lana bateratzeko egindako ahalegina aitortzen du Zigiluak, eta Elena Roncal zuzendari kudeatzaileak jaso zuen Jaso Ikastolari zegokiona. Roncal ez ezik, ikastolako beste hamabost bat lagun ere izan ziren Baluarteko ekitaldian. Agintaririk ere ez zen falta izan. Han egon ziren, besteak beste, Miguel Sanz Nafarroako gobernuburua eta Elena Torres Parlamentuko lehendakaria.

Nafarroako Emakume Enpresari eta Zuzendarien Elkarteak (NEEZE) duela hiru urte abiarazi zuen ekimen hau, Nafarroako enpresetan lan egiten duten langileek errazago izan dezaten bizitza pertsonala eta lanekoa uztartzea. Orduz geroztik, 23 enpresak lortu dute Bateratze Zigilua eta 3.500 langilek gozatu ahal izan dituzte onurak. Aurtengo ekitaldian, honako erakundeek lortu dute Bateratze Zigilua: Jaso Ikastola, Arian, Asesoría QlOiza&am Asociados, Biko2, Padre Menni klinika, Congresos Navarra,  Interesa Consultores, Nafarco, Sic-Lázaro eta Zeroa Multimediak (Diario de Noticias egunkaria argitaratzen duen enpresak). 

Elena Roncal NEEZEko kide da eta elkarte horrek eskaintzen duen prestakuntza jaso ohi du. Iaz bateratze egitasmoen gaineko prestakuntza jaso zuen, hain zuzen ere. “Ohartu nintzen Jaso Ikastolan gauza asko egiten genituela langileen bizitza pertsonala, familiarra eta lanekoa bateratzeko, baina neurri edo erraztasun horiek ez genituela modu sistematiko batean gordeta edo idatzita”, azaldu digu. Hori dela eta, bateratze egitasmoan buru-belarri sartzea erabaki zuten Jaso Ikastolako arduradunek. Plangintza aurrera ateratzeko diru-laguntza eskatu zioten Nafarroako Gobernuari. Guztira 21 eskaera jaso zituen NEEZEk eta horietatik hamar onartu zituen.

Behin eskaera onartuta, plana betetzeko behar zuen prestakuntza eta tutoretza jaso zituen Jaso Ikastolak Optimiza eta Human enpresen eskutik. Elena Roncalen arabera, Jasok ez zuen inolako zailtasunik izan Bateratze Zigilua eskuratu ahal izateko bete behar diren baldintzak betetzeko: “Beste enpresak baino askoz ere aurreratuagoak geunden bateratze arloan, eta horregatik ez genuen aldaketa handirik egin behar izan”. Esate baterako, langileek ikastolan bertan doan bazkaltzeko aukera dutela eta egoera pertsonalak hala eskatzen duenean lan ordutegia moldatzeko edo lanaldia murrizteko aukerak eskaintzen direla nabarmendu du Jaso Ikastolako zuzendariak. 

Hala ere, hori guztia egiaztatu eta kontrastatu beharra zegoen. Human enpresako Maria Arza arduratu zen horretaz. Ikastolan zortzi kideko (lau irakasle eta beste lau langile) lan taldea osatu zen maiatzean, eta kanpoko enpresak Unai Arellano zuzendari pedagogikoa eta Antxon Zabalza eta Irene Casajaus koordinatzaileak elkarrizketatu zituen. Lan horren emaitza, diagnostikoa, udako eginda zegoen eta saria edo Zigilua joan zen astean jaso zuen Jaso Ikastolan. “Hau ez da hemen amaitzen, ordea”, ohartarazi du Elena Roncalek, “lanean jarraitu beharra dago langileen baldintzak hobetzeko”. Horretan ari dira Birjinia Mariezkurrena, Rosa Lizarraga, Alejandra Rodriguez, Xabier Garcia de Eulate, Axun Lizarraga, Nerea Zabalo eta Elena Roncal bera. Lan talde hau hilean behin elkartzen da, bateratze neurriak banan-banan aztertzeko eta hobekuntzak proposatu ahal izateko.

 

Comparte en:

Noticias

Noticias relacionadas

LH 4. Maila Arbaiuneko Zalditegian

LH 4. Maila Arbaiuneko Zalditegian

Ekainaren 9an LH 4. mailako ikasleak Arbaiuneko Zalditegira  irteera egin genuen. Egun aparta pasatu genuen…
JASO EGUNA 2023 eta KONTXITA MARTINEZ DE LEZEARI OMENALDIA

JASO EGUNA 2023 eta KONTXITA MARTINEZ DE LEZEARI OMENALDIA

Dakizuen bezala, larunbata honetan, Jaso Eguna 2023 ospatu genuen. Zorionak eta eskerrik asko parte hartutako…
IRUÑEKO UDALEKO LITERATUR LEHIAKETAN DBHko SARIDUNAK

IRUÑEKO UDALEKO LITERATUR LEHIAKETAN DBHko SARIDUNAK

IRUÑEKO UDALEKO LITERATUR LEHIAKETAN DBHko SARIDUNAK   Iruñeko Udalak haur literatur sarien banaketa antolatu zuen…