Olentzero asteartean, hilaren 22an, etortzekoa da Jaso Ikastolara. Ikasle guztiak, handi nahiz txiki, jo eta fuego ari dira Eguberrietako kantak entseatzen ikazkin tripa-handiari behar bezalako harrera egiteko. Dena prest dago, beraz, eta badirudi eguraldiak berak ere gabon giroarekin bat egin nahi izan duela, neguko lehen elurteak erabat zuritu baitu Iruñerria. Gaur goizean, ikastola barruan umeek Elurra mara-mara abesten zuten bitartean, halaxe ari zuen kanpoan ere. Haurrek pozez zoratzen hartu dute elurtea eta elkarri elurrezko pilotakadak jaurtitzen eman dute eguna, bideoan ikus dezakezuenez. Laugarren mailakoek, berriz, elurrezko panpin dotorea egin dute.
Hilaren 22ko egitarauari dagokionez, goiz partean ikastolan bertan eginen diogu harrera Olentzerori, Mari Domingirekin batera. Arratsaldean, berriz, Mendebaldea auzoko karriketan barna ibiliko da Olentzero, trikitilari, dantzari eta txistulariek lagunduta. Olentzero 17:30ean abiatuko da Jaso Ikastolatik. Kalejira amaitu ondoren, ikastolara itzuliko gara ikasbidaiako ikasleek prestatuko dizkiguten pintxo goxoak jatera eta frontoian amaituko da jaia. Animatu zaitezte baserritar jantziarekin parte hartzera, Mendebaldeko auzokideek ere merezi dute-eta Olentzerorekin gozatzea.
Eguna Euskara Taldeak antolatutako Futboltxo eta Ping-pong txapelketekin hasiko dugu, patioko estalpe handian eta pilotalekuan. Ondoren, Olentzerori eta Mari Domingiri ongi-etorria eginen diegu, eztarriak urratu arte abestuz. Horretarako aritu gara hainbeste entseatzen, bai tutoreekin, bai Leticia musika irakaslearekin, baita Andoni eta haren eskusoinuarekin. Goiza amaitzeko, DBHko 1. eta 2. mailako ikasleentzat disko-festa izanen da gimnasioan, hau ere Euskara Taldeak antolatuta.