Liburuaren eguna dela eta, ekimen ugari izan dira astean zehar Jaso Ikastolan: irakurraldiak, hitzaldiak, horma apainketak, eta abar. Horien artean nabarmentzekoa da Juul bozketa, Ikastolen Elkarteak antolatuta urtero egiten diren literatura hauteskundeak. Hauteskundeek irakurzaletasuna areagotzea dute helburu: bozketa bidez, ikastoletako ikasleek beren egile kuttunenak (idazle nahiz marrazkigile) hautatzeko aukera dute. Bozketan Euskal Herri osoko ikasleek parte hartzen dute. Aurtengohauteskundeetan, 20.994 boto jaso dira guztira: 15.258 liburu kuttunenak aukeratzeko eta beste 5.736 ilustratzaileen kategorian. Aurreko urteetan bezala, aurten ere ikasle helduek boto elektronikoa eman dute. Haur Hezkuntzakoek, berriz, betiko boto-txartelak erabili dituzte. Argazkietan ikus daitekeenez, Jaso Ikastolako ikasle gazteenek oso serio hartu zuten bozketa, eta zintzo-zintzo ibili ziren bai botoa ematerakoan, baita behatzaile lanetan ere.