Inauteriak zuriz jantzita iritsi dira aurten. Elurraren eta eguraldi hotzaren eraginez, Jaso Ikastolako ikasleak ez dira kalera irten. Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako neska-mutikoek areto nagusian egin dituzte euren dantzak. DBHkoak, berriz, ez dira kikildu eta frontoian eskaini dituzte euren koreografia koloretsuak. Ahal duten guztia egin dute berez zero azpitik zegoen giroa berotzeko, eta txalo zaparrada ederrak jaso dituzte jende artetik.
Kanpo aldean dena zuri-zuri bazegoen ere, ikastola barruan hamaika kolore eta mozorro ikusi ditugu goiz-goizetik. Haur Hezkuntzan txatxoak, sorginak, indioak eta MIel Otxinak izan ditugu. Lehen Hezkuntzan piratak, lehen gizakiak, Lizarrako palokiak, gangsterrak, cheerleaderrak, gotikoak, zonbiak, japoniarrak, mexikarrak, afrikarrak eta mundu zabaleko beste makina bat herrietako ordezkariak. Bigarren Hezkuntzan ere ez diote mugarik jarri irudimenari: behiak, marigorringoak, mojak, pitufoak, tximeletak, giriak, punkiak, hip-hop zaleak,… Andoni Sagastibeltza DBHko koordinatzailea Luis XVI.a bera baino dotoreago jantzita agertu da, eta nekaezin aritu da disko-jartzaile eta dantzari.
Bezperan botatako elurra erabat izoztuta zegoela ikusirik, Jaso Ikastolako zuzendaritzak “B plana” jarri du abian. Horregatik, ikuskizun gehienak ez dira patioan izan, ikastolako areto nagusian baizik. Ikasleek penaz hartu dute berria. Izan ere, ilusio handia egiten die beste taldeen emanaldiak elkarrekin ikustea. “Aurreko urteetan nahiko eguraldi ona izan dugu beti. Uste dut lehenengo aldiz gelditu garela ikastolatik atera gabe”, esan digu Kontxi Atxa irakasleak, eta hala baieztatu du sorbaldan zeraman loro koloretsuak. Pena izan da, bai, areto nagusian ez delako patioan bezainbeste jende sartzen; ikasle taldeak eta irakasleak txandaka sartu sartu dira dantzak ikustera, eta batzuk harri eta zur gelditu dira, txoko batean trikotatzen ari zen amonari begira. Kontxita Martinez de Lezea zen, erretiroa hartua izan arren Jaso Ikastolako jaietan hutsik egiten ez duen irakaslea.
HH eta LHko taldeek askotariko dantzak eta kantak eskaini dituzte, Letizia Salcedo musika irakaslearen gidaritzapean, denak oso politak eta alaiak. Nabarmentzekoa da Lorenzo Otermin 5. mailako ikasleak izan duen aktuazioa: Michael Jackson zenaren larruan berpiztu da eta Thriller gogoangarri bat eskaini digu, serio demonio, bere ikaskide zonbiekin batera. Eta guztiei adi begira, Unai Arellano ikastolako hezkuntza zuzendaria, Almodovarren gustuko etxeakondre baten itxurarekin (zer autoritate izan dezake gizajoak gaur erakutsi duen piura erakutsi ondoren?).
Kanpoko pilotalekuan, DBHko ikasleek ere ikuskizun bikainak eskaini dituzte, denon gozamenerako. Euskaraokean Xabier Irisarri ete haren mojakideak izan dira izar nagusiak. Password lehiaketan ere fin aritu dira Bigarren Hezkuntzakoak, eta tartean ez da elur pilotakadarik eta jolasik falta izan.
Goiza kalejiran eta dantzan bukatu dute Jaso ikasle eta irakasleek, leher eginda baina pozik. Inauteriak hasi baino ez baitira egin… Jaiak eta oporrak goza ditzazuela.