Lehen Hezkuntzako gela askotan jo ta ke ibili dira azken asteotan, maketak egiten. Arantxa Bereziartua 3A gelako tutoreak azaldu digunez, “Txanela egitasmo integrala da. Modu bateratuan lantzen ditu euskara, ingurunea, plastika eta musika. Horregatik, ikasten ari garen gaiei loturiko eskulanak egiten saiatzen gara aukera dugunean”. Esan gabe doa horrelako lanek izugarri motibatzen dituztela ikasleak. Hirugarren mailan Egipto gaia ematen ari dira eta maketa egiteko harea, esate baterako, Donostia eta Getaritik ekarri zuten ikasle batzuk. Faraoiak, piramideak eta gainontzeko figurak egiteko plastilina, kartulina, zetazko papera eta margoak erabili zituzten. Maketa ez ezik, marrazkiak eta muralak ere egin dituzte 3. mailako bi geletako neska-mutikoek.
Maketen sukarraldia LHko 1. ziklora ere iritsi da. Horrela, 1. mailakoek dinosauroen garaiari buruzko maketak egin dituzte (gehienak plastilinarekin, sumendi eta guzti) eta 2. mailakoek Erdi Arokoak.