GARAPENA
Etorkizuneko pertsonak
Gure familiek nabarmen baloratzen dute Jaso familia komunitate gisa duen nortasuna, hurbiltasuna eta arreta pertsonalizatua. Familia-kooperatiba izateaz gain, ezinbestekoa da gure proiektu eta jardueretako kide aktibo gisa parte hartzea.
Autore eta lan askok ohartarazten dituzte inplikazio eta parte-hartze horrek dakartzan abantaila eta onurez, eta nabarmentzen dute bi testuinguruen, Ikastolaren eta familien arteko lan bateratuak, gure hezkuntzaren kalitatea bermatzen duela eta ikasleen arrakasta akademikoa sustatzen duela.
Zuzeneko parte-hartze horri garrantzi handiagoa ematen diogu, eta, batez ere, eskolan egiten diren jarduera batzuei, hori baita familiek seme-alaben hezkuntza-prozesuetan benetan parte hartzeko oinarrietako bat.
Lantzen diren proiektuen bidez, familiekin jarduerak egiteko bideak finkatzen dira, bai ikasgela barruan, bai jarduera osagarrietan; adibidez, inauterietako mozorroak egiteko, baratzea prestatzeko edo patioa egokitzeko.
Kooperatibako organoetan zuzenean parte hartzeaz gain, hala nola Bazkideen Batzar Orokorrean eta Kontseilu Errektorean, familiek ordezkaritza duten bi kontsulta-organo daude ikastolan: gelako ordezkariak eta Eskola Kontseilua.
Klase bakoitzeko familiek aukeratzen dituzte gelako ordezkariak, eta ikastolaren eta ordezkatzen duen gelako familien arteko komunikazio- eta harreman-lotura izatea da haien eginkizuna.
Eskola Kontseiluan, familiek hiru ordezkari dituzte, guraso guztien bozeramaile izateko funtzioa betetzen dutenak organo horren aurrean (Eskola Kontseiluari buruzko informazio gehiago ANTOLAKETA atalean).
Ikasturtean zehar tailerrak, prestakuntza eta informazio hitzaldiak, eta familiek ikasgelan bertan parte hartzeko proiektuak egiten dira oro har guztientzako edo, gaiaren arabera, etapaka.
Prestakuntza eskaintza anitza dugu ikasturte bakoitzean, Nafarroako Gobernuko Zubiarte Euskaltegiaren eskutik gurasoentzako euskara eskolak, ikastolan bertan euskara eskolak eskaintzen dira Jaso-ko familientzat, Iruñeko Udalak eskaintzen duen “Ahaidetasun positiboko taldea”, hala nola tailer afektibo-sexuala, teknologia berrien erabilera, elikadura…urtez urte, familientzako formazio eskaintza interesgarria antolatzen dugu.
Familiek ikastolako aisialdian parte hartzea oso garrantzitsua da. Ez dezagun ahaztu horiek ere kultura-transmisiorako helburua dutela, eta, horregatik, komunitate osoak parte hartu behar duela. Familiek oso aktiboki hartzen dute parte Olentzeroren festan, ikastolako festan, Nafarroa Oinezen eta familiek berek proposatzen dituzten bestelako ekitaldietan.