Jaso Ikastolak, Nafarroako beste hogei bat ikastetxerekin batera, Nafarroako Unibertsitateak Hezkuntza Ministerioaren laguntzarekin abian jarri duen Maleta Periodikoa proiektuan parte hartu du. Proiektu honen helburua kimika bigarren hezkuntzako ikasleengana modu praktiko eta atseginean hurbiltzea da, ikasgelan esperimentu kimikoak egitea erraztuz. Helburu hori lortzeko, ikastetxeei maleta bat eskaintzen die, Maleta Periodikoa, non bigarren hezkuntzako irakasleek esperimentu horiek bideratzeko behar dituzten erreaktiboak aurki ditzaketen, baita esperimentuak ulertzeko oinarrizko euskarri teorikoa ere.
Proiektua iazko ikasturtearen erdialdean jarri zen martxan, baina konfinamenduak eragotzi egin zuen aurrera eramatea. Zorionez, ikasturte honetan berreskuratzeko aukera izan dugu eta, hasteko, Gabonetako oporren aurreko egunetan, kimikara sarrera moduko saio batzuk antolatu genituen DBHko 3. eta 4. mailetan. Saio horietan, ikasleek erreakzio kimikoen munduarekin lehen harremana izan zuten eta proiektuak planteatzen dituen esperimentu batzuez gozatzeko aukera izan zuten.
Gustu guztietarako iritziak jaso genituen arren, ikasle gehienentzat esperientzia erakargarria eta interesgarria izan zen: kimikara hurbiltzeko modu desberdin bat.