Noticias

La ilusión es el único camino (Crítica Teatral de Berria.eus-En euskera)

Comparte en:

Crítica teatral (en euskera) de Agus Pérez, crítico de Berria.eus

‘Han-Hemenka’

Konpainia: Jaso Ikastolako antzerki musikal taldea. Zuzendariak: Imanol Janices, Edu Serna, Irantzu Zabalza, Nere Martinez. Lekua: Iruñeko Baluarte auditorioa. Eguna: Ekainaren 13a.

Hara non maiatzaren erdian Mantangorri gehigarriko erdiko orrietan irakurri nuen Iruñeko Jaso ikastolak Barañaingo auditoriumean estreinatu zuela Han-hemenka musikala, DBHko berrogeita hamar bat ikasle taula gainean zeudela. Erreportajea irakurri, argazkiak ikusi eta ez dut dudarik egin: eskola-antzerkiaren arloan jaiotako ikuskizuna da, baina kalitate handikoa eta konpainia handien parametroekin egina. Hasieran, pena hartu nuen, jabetu nintzenerako igaroa baitzen estreinaldia, baina zorionez beste hiru emanaldi zituzten hitzartuta, eta Iruñeko Baluartekoa harrapatu dut. Beste biak, momentuz, Tuteran eta Baionan izango dira.

Aurrera jarraitu baino lehen, esan beharra dago aurreikuspen onak erabat bete direla hasieratik bertatik. Soinu eta argi mahaietan ikasle teknikariak zeuden dena hasi baino askoz lehenago, dena kontrolpean, eta aretoko argiak amatatu ostean argi-erakustaldi eder batek baieztatu digu han inor ez zela txikikerietan ibiliko.

Ane eta Iker ikerlariek denboraren makina bat asmatu dute, baina lehen emaitzak ez ziren espero zuten bezain finak: etorkizunera joan beharrean iraganera bidaiatu du Anek eta Far-Westen lurreratu. Hortik aurrerako abenturetan denetarik gertatu da, Erdi Aroko Euskal Herria bisitatu eta gure izaki mitologikoak ezagutu, ilargian agertu eta estralurtarrekin ibili, noizean behin koadrila osoa ikerlarien etxetik igaro… Ikusten denez, oso argumentu aberats baten aurrean gaude, eta oinarri horren gainean eraiki den dramaturgian pasarte abestuak, dantzak eta solasaldiak tartekatu dira, oso era bariatuan, kontakizunaren ildoari une oro eutsiz eta tempoaren kudeaketa bikainarekin, halako moldez non emanaldiaren ordubete eta hiru laurdenak di-da baten pasatu zaizkigun.

Zaila da emanaldia atalez atal aztertzea, osagai guztiak elkarren zerbitzura eta harmonia onean ibili direlako, baina atalka ibilita hobeto konprenituko dugu arlo bakoitzari emandako trataera fina. Muntaiaren handitasunaren berri emateko bakarrik esango dugu Baluarteko eszenatoki handia neurrikoa izan zaiela, eta han estetika egokiko dekoratu bertikalak baliatu dituztela, argi-efektu ikusgarriek lagunduta eta antzezleek arropa benetan politak janzten zituztela. Esku-programan ere eskertzen dute ama jostunen lana.

Ongi landutako koreografiekin batera, abesti askoren moldaketa politak entzun ditugu eta haietariko batzuetan nabaria izan da ikusleen emozioa txaloetan. Gainera, egikera txukuneko akrobazia-ekitaldi ausartak izan dira han-hemenka, askotan denboraren ate biribilarekin eginak eta —ohe elastikoetan— kanpo-espazioko biztanleen izaera jostagarria irudikatzeko. Bide batez esanda, itxura ederra hartu dute Plutongo izakien argizko jantziek kaxa beltzaren teknika baliatuta. Nik uste dut Ane, Iker eta enparauen bidaiak ez duela inolaz ere huts egin: etorkizunerantz ari dira joaten haiek guztiak ahaleginaren, ilusioaren eta elkarlanaren bidetik.

Comparte en:

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Noticias

Noticias relacionadas

4º de PRIMARIA EN ARBAYUN

4º de PRIMARIA EN ARBAYUN

El 9 de junio los alum@s de LH 4 estuvimos en la hípica de Arbayun.…
FIESTA DE JASO 2023 Y HOMENAJE A KONTXITA MARTINEZ DE LEZEA

FIESTA DE JASO 2023 Y HOMENAJE A KONTXITA MARTINEZ DE LEZEA

Como sabéis, este sábado, celebramos el Jaso Eguna 2023. Zorionak eta eskerrik asko a tod@s…
PREMIOS en la ESO en el CONCURSO LITERARIO DEL AYUNTAMIENTO DE PAMPLONA

PREMIOS en la ESO en el CONCURSO LITERARIO DEL AYUNTAMIENTO DE PAMPLONA

El Ayuntamiento de Pamplona organizó el pasado jueves un acto para entregar los premios literarios…