Abian da 2010-11 ikasturtea. Jaso Ikastolako Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasleek gaur goizean hasi dituzte eskolak, Nafarroako neska-mutiko gehienek bezala. DBHkoek, berriz, hilarean 10ean izanen dute aurkezpena eta hilaren 13an hasiko dituzte klaseak.
Ikasle gehienak gurasoek lagunduta edo autobusez etorri dira lehen egunean. Goizeko bederatzietan urduri eta lotsati agertu dira gaztetxoenak, berritsuago eta lasaiago kozkorrenak. Bi urteko umeek gelan gurasoekin egoteko aukera izan dute, piskanaka egokitzeko. Txikienen artean malkoren bat edo beste izan da; gutxi, hala ere.Gainontzekoen artean irribarreak, musuak eta udako oporren kontaketak izan dira nagusi.
Jaso Ikastolako ikasleek ez dute aldaketa handirik igarri ikasgeletan. Udako uholdeek eragindako kalte gehienak konponduta daude jadanik; musika gela atontzea besterik ez da falta erabateko normaltasunera itzultzeko. Lehen Hezkuntzako neska-mutikoek, gainera, bi gela berri izanen dituzte, orain arteko bideo gela handia bitan zatitu baitute; bata plastika gela izanen da eta bestea ingelesko gela LHko goi ziklokoentzat. DBHn gizarte ingelesez ematen duten ikasleek ere gela propioa izanen dute aurten.
Urrira arte HHko eta LHko ikasleak goizez bakarrik ariko dira. Ikasleak 15:00etan aterako dira, bazkalduta, jantokia ere lehen egunetik ari baita martxan.
Amaitu dira udako oporrak, gozatu iraileko arratsaldeak.