DBHko 3. mailako ikasleek eta LHko 1. mailakoek primeran pasa zuten joan zen astean elkarrekin jolasten. Anaikidetze ekitaldia musu eta besarkada artean bukatu zuten, eta berriro egitekotan gelditu ziren. «Zoragarri atera zen. Jolas saioaren ondotik, gure ikasleek euren gela ikustera gonbidatu zituzten handiak. Gero DBHko geletara igo ziren eta sekulako poza hartu zuten beren marrazkiak handien gelan zintzilik ikustean», azaldu digu Irantzu Zabalza LHko 1. mailako tutoreak. Horixe da, hain zuzen ere, anaikidetzaren helburua: ikastolako ikasle gazte eta koskorragoen arteko harremana erraztea eta elkarrekin euskaraz jolasteko ohitura bultzatzea.
DBHko ikasleek Gorputz Heziketako saio oso bat eman zuten txikientzako jolasak prestatzen. Bost txoko prestatu zituzten beste horrenbeste jarduera eta jolasekin: puxikak, margoak, aulkiak, musika, koltxoiak,… Lehen Hezkuntzako neska-mutilak bosnaka pasa ziren txoko guztietatik eta izugarri gozatu zuten. Bi taldeen arteko anaikidetza gauzatzeko, Imanol Janices Gorputz Heziketako irakasleak bi korro antolatu zituen, bata bestearen barruan. Ikasle gazteenak barruko korroan zeuden eta zaharrenak kanpokoan; horrela, ikasle bakoitza parean suertatu zitzaionarekin anaikidetu zen. Bideoa ikus dezakezue Mobileme galerian sartuta.
Gorputz Heziketakoak sasoian dabiltza aurten, eta ez fisiko aldetik bakarrik. Teknologia berrien arloan ere gogotsu dabiltza. Sortu berri duten wikia ikusi besterik ez duzue.
Irteerei dagokienez, nabarmentzekoa da DBHko 1. mailakoak Rokopolisen izan zirela azaroaren 22an, eta 2. mailakoak bizikleta txango ederra egin zuten urriaren 19an Zizur Txikitik eta Zizur Nagusitik barna.