Jaso Ikastolak ikus-entzunezko egitasmoa abiarazi du hasi berria den ikasturtean. Proiektuak bi helburu nagusi ditu. Batetik, ikastolan bertan mediateka txukuna osatzea eta, bestetik, geletan eta ikas prozesu osoan gero eta ikus-entzunezko baliabide gehiago erabiltzea. Ahalegin horretan Iñigo Carrasco irakasle eta ikastolako gurasoaren laguntza izanen du Jasok.
Egitasmoa aurrera eraman ahal izateko, ikus-entzunezko gela atondu du Jaso Ikastolak uda partean. Ikus-entzunezko tailerra ikastolako sotoan dago, musika gelaren alboan. Bertan argazki eta bideo kamera profesionalak, bi iMac eta soinua grabatzeko eta nahasteko ekipamendua prestatu dituzte, besteak beste.
Ikus-entzunezko tailerrean, teknologia berrietan trebatzeko aukera izanen dute ikastolako irakasle nahiz ikasleek. Epe luzeko egitasmoa denez, trebakuntza piskanaka eginen da. Aurten Jaso Ikastolako lau irakaslek jasoko dute prestakuntza: HHko Esther Mikeok, LHko Dabid Albirak eta DBHko Xabier Arribizibita eta Antxon Zabalzak. Laukoteak joan zen astean hasi zuen ikus-entzunezko ikastaroa, ikastolan bertan. Ikus-entzunezk tailerrak egitarau oparoa du: argazkigintza, bideo sorkuntza, internet bidezko sare digitalen erabilera, web gune eta blogen kudeaketa, podcasting-ak, …
2009-10 ikasturtean zehar, astelehenero, aipaturiko irakasleak Iñigo Carrascoren ikasle bihurtuko dira, bi orduz. Carrasco (Lasarte, 1970) Andoaingo Zine eta Bideo Eskolako irakasle eta Jaso Ikastolako bi umeren aita da. Eskarmentu handia du bideogintzan, eta lehenago ere parte hartu izan du Jaso Ikastolaren egitasmoetan. Iazko Nafarroa Oinez-eko bideo ikusgarria, esate baterak, berak taxutu eta zuzendu zuen.
Jaso Ikastolako irakasleak bizpahiru urtetan euren kabuz aritzea espero du Carrascok: «Aurten lau irakaslek jasoko dute prestakuntza, baina gero horiek beste irakasleen artean zabalduko dute ikasitakoa. Asmoa da bi edo hiru urtetan Jaso Ikastola autonomo izatea eta ikasleak emaitzak jasotzen hastea».
Izan ere, ikus-entzunezko baliabideak eta teknologia berriak ikas prozesuan erabat integratzea litzateke epe luzeko helburua. Bide horretan, ikus-entzunezko tailerrak Jaso Ikastolaren web gunea, Ikasys egitasmoa eta IKT Txanela izanen ditu lagun.