Jaso Ikastolak Bateratze Zigilua lortu du, ikastolako langileen bizitza pertsonala eta lanaldia bateragarriagoak izan daitezen egindako ahaleginarengatik. Bateratze Zigilua Nafarroako Emakume Enpresari eta Zuzendarien Elkarteak (NEEZE) banatu ohi du. Jaso Ikastolako ordezkariek hilaren 25ean jasoko dute bateratze agiria, Baluarten egitekoa den ekitaldian.
NEEZEk duela hiru urte abiarazi zuen ekimen hau, Nafarroako enpresetan lan egiten duten langileek errazago izan dezaten bizitza pertsonala eta lanekoa uztartzea. Orduz geroztik, 23 enpresak lortu dute Bateratze Zigilua eta 3.500 langilek gozatu ahal izan dituzte onurak.
Aurten hamar erakundek lortu dute Bateratze Agiria. Jaso Ikastolaz gainera, honako enpresek jasoko dute: Arian, Asesoría QlOiza&am Asociados, Biko2, Padre Menni klinika, Congresos Navarra, Interesa Consultores, Nafarco, Sic-Lázaro eta Zeroa Multimedia (Diario de Noticias egunkaria argitaratzen duen enpresa). NEEZEk lau hilabeteko jarraipena egin die aipatu enpresei.
Azaroaren 25ean, arratsaldeko 17:30etik aurrera, eginen da agiriak banatzeko ekitaldi ofiziala Baluarten. Iazko ekitaldian bezala, aurten ere Miguel Sanz Nafarroako gobernuburuaren hitzaldiarekin amaituko da ekitaldia.