LHko bigarren mailako ikasleak Erriberriko gaztelua ikusten izan ziren duela egun batzuk. Bisitak badu zerikusirik gelan ikasten ari diren gaiarekin. Izan ere, azken asteotan Erdi Aroa aztertu dute. Bigarren mailako neska-mutikoek oso gogoko dute gai hori, Errege-erreginek, gudek eta gazteluek hegan egiten uzten diotelako irudimenari. Horregatik, ikasleek primeran pasatu zuten Nafarroako Errege-erreginen geletan sartzen eta dorreetan gora igotzen.
Gaztelu deitzen badiogu ere, egokiagoa litzateke Erriberriko jauregia deitzea, han bizi izan zirelako Nafarroako Errege-erreginak. Defentsa edo erasorako gaztelu militar baino gehiago, bizitoki izan zen jauregia. Erromatarren garaiko gotorlekua Karlos III. Erregeak (1387-1425) handitu eta berritu zuen. Esaten dutenez, bere garaian Europako ederrenetakoa izan zen. Inguruko lubakiak, dorreak eta harresiak ikusgarriak dira benetan. Jakin badakigu garai batean lorategiz inguratuta zegoela, eta zoo bat ere bazuela, baina, zoritxarrez, gaur egun ez da horien arrastorik gelditzen.