Lehen Hezkuntzako 5. mailako ikasleak Iruñeko Planetarioan izan dira gaur goizean, Dabid Albira eta Xabier Garcia de Eulate tutoreek lagunduta. Jaso Ikastolako neska-mutilak oinez joan dira Planetariora, eguraldi eguzkitsuaz gozatuz; gustura ikusi dute Amamalurra proiekzioa, ondorengo azalpenak ere jakin-minez entzun dituzte, eta bukatzeko galdera mordoska egin dizkiote Planetarioko arduradunari.
Bosgarren mailakoak Unibertsoa gaia aztertzen ari dira gelan. Horregatik joan dira Planetarioko Izar Eskolara. Amamalurra saioan, Lur planeta eta eguzki-sistema nola sortu ziren ikusteko eta entzuteko parada izan dute ikasleek. Ondoren, «zerua» erabat ilundu da eta konstelazioak ikusi dituzte. Saioa amaitzeko, Planetarioko arduradunarekin solasteko eta zalantza guztiak argitzeko aukera izan dute 5. mailakoek. Tutoreen arabera, zintzo portatu dira eta interes handia erakutsi dute. Zorte handia izan dute, gainera, proiekzioa lasai ederrean ikusi baitute, ordu horretan ez zegoelako beste talderik. Gainera, Planetarioko aretoetako batean entzumenaren gaineko erakusketa bat zegoen (GAES elkarteak antolatuta) eta saltsa horretan ere gustura ibili dira Jasoko neska-mutilak, tramankulu guztiak probatzen.