Gara, 2014-12-21
XANTI BEGIRISTAIN MADOTZ
AURITZ
«IKI MILIKILI KLIK!»
Nik uste dut «Iki milikili klik!» musikala adibide on bat dela, erakusteko nola handitu eta sendotu ahal diren gaztetxoen arteko harremanak, eta nola egin daitezkeen oso kultur ikuskizun bikainak, inor baztertu gabe
Abenduaren 18an, Barañaingo Auditorioan, ikusi genuen aurten Jaso ikastolako ikasle batzuek, beren irakasle batzuen laguntzarekin, prestatu zuten musikala. Oker ez banago, aurtengo musikal hau bigarrena omen da osotara, eta dagoeneko, uste dut diseinatua dutela beste bat, heldu den udaberrirako prest edukitzeko.
«Iki milikili klik!» musikala, esan beharra dago oso duina dela eta ordubete pasatxoko iraupena duela. Bertan konbinatzen dituzte elkarrizketak, abestiak, dantzak, mitologia, akrobaziak, istorio batzuk, eta abar.
Zalantzarik gabe, aitortu behar da, parte hartu duten guztiek egundoko lana egin dutela, testuak prestatzen, koreografiak asmatzen, abestiak ikasten, akrobaziak egiten, entseguak aurrera eramaten dena puntu-puntuan egon arte. Ikusleek txalo asko eta oso indartsuak eman zizkieten. Azpimarratu beharra dago, Barañainen baino lehenago, gutxienez, Donostiako Victoria Eugenia antzokian ere egina zutela beste emanaldi bat, eta Barañaingoarekin, momentuz behintzat, musikal horri bukaera eman zioten.
Nonbait irakurri edo entzun dut ikastolako irakasleek berebiziko garrantzia ematen diotela; musikal hau guztia prestatu eta aurrera eramateak, izan ere, onura handiak ekarri ditu gaztetxoentzat, batez ere, beraien arteko harremanak handitu, sendotu eta trinkotzeko.
Baina, badago beste gauzatxo bat, bukaerarako gorde dudan arren, garrantzi gutxiago ez daukana, alderantziz, beharbada, garrantzitsuenetako bat izan liteke, alegia, musikal horretan hainbat aldiz agertzen baita oholtzan neskatila bat, bere gurpil-aulkian kantatzen, hitz egiten eta koreografiak egiten, normaltasun osoarekin, bere ikaskide eta lagunen artean. Horrek esan nahi du, kasu horretan behinik behin, guztiz gaindituta daudela garai bateko sineskeria eta uste ustelak, non pentsatzen baitzen elbarritasunen bat zuten pertsonek gutxiago balio zutela, ahalmen gutxiagokoak zirela, eta abar.
Nik uste dut «Iki milikili klik!» musikala adibide on bat dela, erakusteko nola handitu eta sendotu ahal diren gaztetxoen arteko harremanak, eta nola egin daitezkeen oso kultur ikuskizun bikainak, inor baztertu gabe eta pertsona guztiak gizarteratuta.
Gogorarazi nahi dut emanaldiaren bukaera aldean, lagun mordo baten artean, altxatu eta goratu zutela gurpil-aulkiko neskatila, bere eserleku berean, lurretik bi bat metroraino, guztien gainetik jarri arte, eta hark egundoko txalo eta esku-zartak sorrarazi zituela istantean bertan.
Bejondeiela ba, musikalean parte hartu duten guzti-guztiei!