DBHko 3.mailako ikasleek Argitxoren aurkezpena egin diete Haur Hezkuntzako neska-mutikoei. Txikiek ilusioz eta jakinminez hartu dute Argitxoren bisita. Euskaraz Bizi egitasmoaren ikurra da Argitxo, ikastolan euskararen erabilera sustatzen duena.
Argitxoren aurkezpena Uxue Berruete, Carmen Urtasun, Miren Murgiondo, Irune Alonso eta Jon Gesta ikasleek egin dute –jendeak dioenez, azken horrek Argitxoren sekulako antza dauka–. DBHko ikasle horiek Jaso Ikastolako Euskara Taldeko kide dira. Egunero Jasetxen elkartzen dira, euskaraz aritzeko eta jolasteko, eta tarteka euskararen erabileran eragiteko jarduerak antolatzen dituzte. Horren adibide da Argitxoren aurkezpena, baita Argitxoren Txokoaren kudeaketa ere. HHko ikasleak astean behin elkartzen dira Argitxoren Txokoan, eta bertan DBHko ikasleak egonen dira Txokoan dinamizatzen.
Argitxoren txokoa inoiz baino koloretsua dago egunotan, 2 urteko gelek Inauterietarako dotore-dotore apaindu dutelako.