AEK-k antolatuta, euskararen aldeko lasterketa erraldoiak Euskal Herri osoa zeharkatuko du, 17. aldiz, apirilaren 7tik aurrera. Korrika 17 Trebiñutik abiatuko da, Iruñera apirilaren 8an (ostirala) iritsiko da, arratsaldez, eta Donostian amaituko da apirilaren 17an.
Korrikak izena ipini die euskara maite, ikasten eta erabiltzen duenari: euskalakaria da hori. Euskalakaria da lehen hitza euskaraz egiten duen dendaria, ikastolan eta ikastolatik kanpo euskaraz aritzen den umea, edo euskaraz sortzen duen artista. Euskalakaria da, hain zuzen ere, aurtengo Korrikaren leloa.
Korrika eta Korrika Kulturalaren inguruko xehetasun guztiak Korrika.org web gunean topatuko dituzue. Aurreko aldietan bezala, Jaso Ikastolako langileok kilometro bat erosiko dugu (lagundu nahi duenak idazkaritzan utz dezake dirua) eta ikasleekin ere landuko dugu Korrika. AEK-k eta Ikastolen Elkarteak propio prestatu dute Korrika 17ren gaineko unitate didaktikoa, egun gutxi barru eskura egongo dena.
Korrika nagusian kilometro batzuk egiteaz gainera, ikastolaren inguruan egin ohi dugun Korrika txikian ere ariko dira Jasoko neska-mutilak. Korrika guztiak, nagusia nahiz txikiak, dira zirraragarriak. Argazkietan duela bi urteko Korrika txikia ikus dezakezue.