Noticias

Gaitasunak telebista bidez lantzen

Comparte en:

Zenbat aldiz entzun ote dugu telebistak tontotu egiten gaituela eta ez genukeela hainbeste  ikusi behar? Bada, Jaso Ikastolako ikasle talde batek ikasteko eta. batez ere, komunikazio gaitasunak lantzeko erabiltzen du telebista.

Ostegunero, Lehen Hezkuntzako 6B taldeko ikasleak ikus-entzunezko gelan sartzen dira Berritxiki albistegia grabatzera. Dabid Albira tutorearekin joaten dira. Ez pentsa, ordea, haren aginduen zain geratzen direnik. Bi ikaslek fokuak jartzen dituzten bitartean, beste bi fondo bezala erabili beharreko irudiak aukeratzen ari dira ordenagailuan, beste batzuk bi bideo-kamerak zaintzen ari dira, neska bat serio-demonio ari da soinu-mahaia prestatzen, bideoa nahasteko mahaian dagoen mutikoak ere ardura handiz begiratzen ditu lehen probak, eta mikrofonoen aurrean albisteak irakurri behar dituzten “esatariei” urduritasun puntua nabari zaie. Kameren aurrean naturaltasunez eta profesionaltasunez eman nahi dituzte berriak; horregatik, behin eta berriro irakurtzen dituzte, txandaren zain dauden bitartean.

Laugarren Berritxikia ari dira grabatzen. Hamabost minutu inguruko albistegia. Emaitza http://jasolh5b.blogspot.com/ blogean ikus dezakezue, Berritxiki aldizkariarekin batera.

Dabid Albira betidanik izan da teknologia eta bideo zalea. Hala ere, garbi dauka eskolan teknologia ez dela helburua, bitartekoa baizik: “Telebista saioaren bidez, hainbat gaitasun lantzen ditugu. Lehenik eta behin, euskaraz komunikatzeko gaitasuna eta ahozkotasuna modu sistematikoan lantzen ditugu. Horrez gainera, modu autonomoan, bikoteka edo taldeka, lan egiten ikasten dute. Eta ikasleek lanaren eta tresnen gaineko ardura hartzen dute”.

Izan ere, epe jakin batzuk daude bai telebista saioa bai aldizkaria bukatzeko. Horrek presio positiboa  eragiten du ikasleengan. Inork ez du denbora alferrik galdu nahi; euren lana ahalik eta hobekien eta arinen egiteko nahia igartzen zaie. Horixe da, hain zuzen ere, edukiak eta gaitasunak modu honetan lantzearen abantailarik handiena. Tutoreak dioenez, “motibazioa nabarmen areagotzen da. Blogak gure lana sozializatzeko aukera eskaintzen digu eta, horri esker, ikasleek zentzua ikusten diote gelan egin beharreko lanari. Ikasleen aldetik jarrera askoz hobea lortzen da benetako funtzionalitatea ikusten badiote lanari”.

Lorenzo Otermin ikasleari liburuekin ikastea baino “dibertigarriagoa” iruditzen zaio ordenagailuekin eta teknologia berriekin aritzea. Oihane Martinezek beste abantaila bat ikusten dio ikus-entzunezko tailerrari: “Ongi pasatzeaz gain, binaka eta taldeka egiten dugu lan”. Ikasleek ezagun dute pozik daudela. Denbora aldetik justu dabiltzala-eta, hurrengo bi asteetan telebista saiorik ez egitea proposatu zienean, tutoreak protestak baino ez zituen jaso ikasleen aldetik.

Norberaren eta ikaskideen lana ebaluatzeko ere tresna paregabea dira bideoa eta aldizkaria. Horregatik, lanak banatu aurretik aurreko asteko telebista saioa eta aldizkaria goitik behera aztertzen dituzte, huts-egiteak ez errepikatzeko eta emaitzak hobetzen saiatzeko. Gurasoei eta etxeko guztiei gelan zer egiten duten erakusteko leiho gisa ere balio du blogak. Irati Valles ikasleak esan digunez, bere etxean oso gustura ikusten dituzte ikastolan grabaturiko albistegiak eta, bideoen bisita kopuruari erreparatuz gero, garbi dago ez direla bakarrak.

Bide honek morrontzak eta zailtasunak dituela ezin uka. Albirak dioenez, baliabide falta da mugarik handiena. Duela bi urte Jaso Ikastolak ikus-entzunezko gelan dezenteko inbertsioa egin bazuen ere, 6B gelan ordenagailu bakarra dute. Ondorioz, ikasleak edizio lanak egiteko gai badira ere, normalean ez dute astirik lan hori ikasgelan bukatzeko. Ordenagailu gelan eta etxean lan piska bat aurrera arren, gehienetan tutoreak berak bukatu behar ditu edizio lanak: “Pena da hori, azken batean irakaslearen borondate onaren menpe gelditzen delako proiektua. Aparteko lana denez, gogoa eta indarra dagoen bitartean egiten da”. Albirak ez du horren gordin azaldu nahi, baina bistan da zer esan nahi duen: egunen batean etxean edizio lanak egiteaz nekatzen bada, lan egiteko molde hau kolokan egon litekeela.

Azken urteetan ikastolek urrats garrantzitsuak egin dituzte teknologia berrien arloan. Ikasys egitasmoaren bidez, ikasleak oso gaztetan trebatzen dira ordenagailuekin. IKT Txanelak, berriz, betiko edukiak eta gaitasunak beste modu batean lantzeko aukerak eskaintzen ditu. Liburuak erabili beharrean, esate baterako, animazio bat ikusi, web gune batean sartu edo bideo bat grabatu, eta ondoren horren inguruko hausnarketa egitea proposatzen du.

Aurrerapauso nabarmenak egon direla onartu arren, Dabid Albirrak hutsune handi bat somatzen du gaur egungo eskoletan. Bere ustez, ez zaio behar bezalako arreta eskaintzen ikus-entzunezko hitzkuntzari: “Kontsumitzaile garen aldetik, etengabe ari gara hizkuntza hori jasotzen edo jasaten. Horregatik, uste dut gutxieneko alfabetizazioa behar dugula ikus-entzunezko hizkuntza hori hobeki ulertzeko eta, behar dugunean, filtroak jarri ahal izateko”.

Zenbait irakaslek eta gurasok teknolgia berrien aurrean erakusten dituzten beldurrak eta erreparoak uxatzeko bide onena ere prestakuntza eta informazioa direlakoan dago Albira. Irakasle askok, adibidez, debekatu egiten diete ikasleei gelan telefono mugikorrak sartzea. Jaso Ikastolako irakaslen honek, berriz, oso bestelako jarrera du: “Nik mugikorra ekartzeko esaten diet. Nola debekatuko diet lana horrenbeste errazten digun tresna bat erabiltzea? Hori bai, jakin behar dute noiz, nola eta zertarako erabili. Horretan jarri behar ditugu indarrak”.

Argazki guztiak ikusteko, sar zaitezte MobileMe galerian edo Flickr-en. Berritxki saioaren making off-a ikusteko, berriz, sar zaitezte YouTuben.

Comparte en:

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Noticias

Noticias relacionadas

4º de PRIMARIA EN ARBAYUN

4º de PRIMARIA EN ARBAYUN

El 9 de junio los alum@s de LH 4 estuvimos en la hípica de Arbayun.…
FIESTA DE JASO 2023 Y HOMENAJE A KONTXITA MARTINEZ DE LEZEA

FIESTA DE JASO 2023 Y HOMENAJE A KONTXITA MARTINEZ DE LEZEA

Como sabéis, este sábado, celebramos el Jaso Eguna 2023. Zorionak eta eskerrik asko a tod@s…
PREMIOS en la ESO en el CONCURSO LITERARIO DEL AYUNTAMIENTO DE PAMPLONA

PREMIOS en la ESO en el CONCURSO LITERARIO DEL AYUNTAMIENTO DE PAMPLONA

El Ayuntamiento de Pamplona organizó el pasado jueves un acto para entregar los premios literarios…